OINKARI DANTZA TALDEA
Azken hamarkadan aldaketa handiak jasan ditu Oinkarik bere baitan. Dantza tradizionalarekiko lotura galdu gabe, koreografia berrien munduan eman ditu hainbat pauso taldeak. Euskal dantzak oinarri hartuta, gaur egungo abesti berrietara dantzak koreografiatu ditu. Aldaketa honetan bidelagun izan du Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoa.
Ildo honetatik proiektu berrietan parte hartu du Oinkarik. Honela, batetik Mungiako Korrontzi folk taldearekin elkarlanean proiektu ugari eraman ditu aurrera. Lehenik “Infernuko Hauspoa” etorri zen (Baga-Bigaren zigilupean argitaratu zuten DVDa) eta bertan Korrontziren Getxo laneko hainbat abesti dantzatzen zituen Oinkarik. Proiektu honetatik abiatuta etorri zen bigarren lana: “Urratsa”. Ikuskizun honetan Igor Yebra nazioarteko dantzari ezagunarekin elkarlanean aritu ziren taldeko dantzariak. Gaur egun berriz “Tradition 2.1” eta “Korrontzi Dantzan” ikuskizunekin gabiltza munduan zehar.
Bestetik berriz, Oinkarik talde bezala hainbat proiektu interesgarritan parte hartzeko aukera izan du. Lehena “Aspaldikotik” izan zen, Juan Kruz Igerabide eta Iñaki Beraetxeren partehartzea izan zuen lana.
Modu batean Oinkariren etorkizuna markatuko zuen emanaldia 2011ko urrian etorri zen: “Amantalen Ahotsa”, Gerra Zibilean emakumeak izan zuen papera kontatzen duen lana. Ahotsak taldearen eskutik, Maialen Lujanbio, Amaia Zubiria, Sorkunde Idigoras… bezalako emakume artistekin lanean aritzeko aukera izan zuten Oinkariko emakumeek. Proiektu honek arrakasta handia izan zuen eta hein handi batean, Agurtzane Intxaurraga zuzendariak izan zuen horren errua. Une honetan hasi zen oraindik dirauen Agurtzane eta Oinkariren arteko elkarlana.
Ondoren etorri zen “Ari du”. Juan Kruz Igerabidek zuzenean errezitatutako poemekin dantzatzen zuen Oinkarik, beti ere, euriak berak markatutako erritmoan. Dantza taldearen maila altua zela eta emanaldi hau zuzenean grabatu eta Baga-Biga zigilupean DVDratua izan zen 2011n.
Aurrera begira beste salto bat emateko beharra nabaritu zuen taldeak. Buruan zerabilkiten ideia dantza mundua beste arlo batzuekin osatzea zen. Honela, taldeak Agurtzane Intxaurragarekin zuen harreman onaren haritik, dantza eta antzerkia uztartuko zituen proiektu berri bat proposatu eta elkarlanean hasi ziren ilusioz. Dantza arloan, dantza tradizionalak eta koreografiak mantenduz, arlo garaikidean formakuntza bat izan nahi zuen Oinkarik eta horretarako Kukai Dantza Konpainiako irakasleekin hasi zen elkarlana: Ion Maia, Maider Oiartzabal, Ibon Huarte… Proiektua biribildu nahian, bertarako espreski sortutako musika beharrezkoa zela ikusi zenez, Pello Ramirezengana jo eta honek ere bere partehartzea baieztatu zuen. Goi mailako talde honen lanaren emaitza duzue “Itsasoaren Emazteak” ikuskizuna. (CD + DVDan eskuragai, Baga-Biga zigillupean).
Gaur egun, Agurtzane Intxauraga buru duen Hika Teatroarekin elkarlanean bigarren proiektu bat aurkeztu du taldeak eta herriz herri dabil SAGARTU ikuskizun berria eskaintzen.