HISTORIA
Oinkari Dantza Taldea 1975. urtean sortu zen Villabonan (Gipuzkoa), Euskal Herriko dantzak jaso, ikasi eta erakusteko asmoz. Elizan abesteko biltzen ziren gazte haiek eman zuten lehen pausoa dantza taldearen sorreran, Zizurkilen dantzan irakasten aritzen ziren Segurola ahizpen gonbitea aintzakotzat hartu ondoren.
Ezin ahaztu dezakegu taldearen sorreraren abiapuntu izan zen lehen bilera, izan ere, azaroaren 20ko egun hura, Oinkariren jaiotza eguna izateaz gain, Francoren heriotzak berezi egin baitzuen.
Hasierako urte haietan hirurogeiren bat gazte biltzen zen Zentroaren gaineko “La Sala” zeritzon gazte lokalean. Gerora, gela hori utzi eta Zatorran ekin zioten entseatzeari. Dantza ikasteaz gain, ekintza gehiagotan ere parte hartzen zuten, izan ere garai hartan euskararen aldeko mugimendua puri-purian zegoen eta dantza taldeak beti erakutsi izan zuen bere atxikimendua.
1976ko maiatzean Parrokiko elkarteak dirua biltzeko “Gurea” zineman antolatu zuen jaialdian egin zuen bere estreinua Oinkari Dantza Taldeak. Orduz geroztik inguruko hainbat herritan eskaini zituen emanaldiak: Atallo, Lizartza, Tolosa, Irura, Aduna, Sorabilla, Zizurkil, Amasa, Urretxu, etab… aipa ditzakegu. Hala ere, herritik urrun ere izan zen Oinkariren dantza saiorik, bat aipatzearren, Bizkaiko Murueta herrian emanikoa azpimarra daiteke.
Urtetan aritu ziren lanean, dantza ikasi eta eskaintzeaz gain emanaldietarako arropa nahiz bestelako materiala prestatzen. Diru falta medio, astero 25 pezetako kuota ordaintzen zuen taldeko partaide bakoitzak eta berau izan zen taldearen diru iturri nagusia. Ezin ahaztu ditzakegu Tolosako Klarisek bordatutako galtzerdiak, edo Nafarroako Burlatan egiten zen azokan erositako ispiluak, hala nola, taldearen lokaletan burututako gaupasa eder haiek, bai kapelak eta bestelako materiala prestatu asmoz. Sortu zen herri mugimendua ez zen nolanahikoa izan, herriko gazte gehienak baitzeuden talde baten baitan.
1977an eman zitzaien hasiera Oinkari Dantza Taldearen haur ikastaroei, haiei esker dantzari fin ugari izan da herrian. Astean zehar, talde nagusiaren entseguaren aurretik eta, larunbat goizetan, burutzen ziren ikastaro haiek.
1979an, taldeko mutilak soldadutza egitera joaten hasi zirenean, jarri zen kolokan lehen aldiz dantza taldearen etorkizuna. Hala ere, taldeak aurrera egin zuen eta gezurra badirudi ere, emanaldi gehien eskaini zituen urtea izan zen, guztira 24. Taldea jada ahultzen hasia zen, izan ere, zenbait eztabaidaren ondoren, batzuk taldea uzteko erabakia hartu zuten eta besteek berriz, ezkondu ondoren dantzatzeari utzi zioten, bizi berri bati ekiteko asmoz. Giro honen baitan, 1983ko abuztuaren 24an izandako uholdeek, udaletxe zaharreko gela batean biltzen zituzten arropa eta gainerako tresnak harrapatzean, dantza taldeari amaiera ematea erabaki zuten taldeko lehen partaideek.
Urte batzuk beranduago, 1992. urteko herriko jaietan, Iñude eta Artzaien konpartsa antolatu zuten Oinkari dantza taldeko kide batzuk. Konpartsa herrikoian herritar ugarik hartu zuen parte, gazte nahiz heldu. Konpartsa hau izan zen Oinkari dantza taldeko hurrengo belaunaldia abian jarri zuena. Astearte eta ostegun iluntzetan, Kultur Etxeko gela hasieran, Ikastolako ganbara gero, dantzarako doinu eta alaitasunez jantzi zen. Martxan zen berriro Oinkari dantza taldea, herriko gazte askoren bilgune izan zena.
Bigarren belaunaldi honek, berriro hasieratik ilusio handiz ekin zion dantza ibilbideari. Urte ederrak izan ziren haiek, dantzarako gogoa giro alaiarekin elkartu eta une ahaztezin ugari bildu zen. 1997ko irailean haur ikastaroak jarri ziren berriro martxan eta honi esker, Oinkari dantza taldeak ordura arte jasandako dantzari faltari aurre egitea lortu zuen. Emanaldiak ere ez ziren gutxi izan, honela herriko jaietako alarde arrakastatsu haietan parte hartu genuen eta Amasa, Sorabilla, Aldude edo Aiako Santio auzoko jaietan eskainitako emanaldiak ere oso hunkigarriak izan ziren. Azken urte hauetako emanaldi bat aipatu behar izanez gero, Amasan ospatutako Egunkaria Festan emanikoa azpimarratuko genuke, eguraldi paregabeak lagundurik jendetza handia izan baitzen gure emanaldia ikusten.
1992. urtean abian jarri zen belaunaldi honetatik aurrera, Oinkari dantza taldeak ez du beste etenik izan bere dantza ibilbidean. Dantzari belaunaldi ugari pasa da taldetik eta talde guztiek bezalaxe, bere gorabeherak izan ditu Oinkari dantza taldeak ere. Hala ere, pixkanaka oztopoak gaindituz eta taldea sendotuz joan gara, honela gaur egun Oinkari Dantza Taldea dantzari bikainez osaturiko taldea dugu. Erabaki ausartak hartu behar izan dira eta hauei esker inoiz baino ilusio gehiago dugu, izan ere “garaiak aldatuz doaz…”.