OINKARI DANTZA ESKOLA 2017-10-29T18:07:44+00:00

OINKARI DANTZA ESKOLA

1997ko irailean Oinkari dantza taldeak haurren dantza ikastaroak jarri zituen martxan eta ordu ezkero, etenik gabe, urtero antolatu dira dantza ikastaroak Zubimusu Ikastolako Ganbaran. Ikastaro hauek 3 eta 15 urte bitarteko haurrei zuzenduak daude eta euskal dantza tradizionalak haurren dantza heziketaren oinarria izatea dute helburu. Fandangoa, Arin Arina, Agurra, San Juan dantza, Saltokakoa, Alpargata, Soinu Zaharrak, Sorgin dantza… bezalako dantzak lantzen dira.

Ikastaro hauetan OINKARI dantza taldeko hainbat partaide dabiltza irakasle lanetan, honela, beraiek jasotzen dutena haurrei irakatsiz lotura estua sortzen da talde guztien artean, jarraitu beharreko bidea bakarra izanik. Puntu honen garrantzia azpimarratzekoa da, izan ere gaur egun Oinkari dantza taldea osatzen duten dantzarien %95a ikastaro hauen emaitza da. Azken urteetan ikastaro hauetan dabiltzan haurren kopurua 200 ingurukoa da.

Dantza Eskolaren antolaketaren azken eskilara-mailan gaztetxoen taldea da. OINKARI dantza taldera iritsi aurreko azken pausua litzateke. 13-15 bitarteko 70 gaztetxok osatzen duten talde honek, talde helduaren entsegu-dinamika bera jarraitzen du. Hau dela eta, beren hezkuntzan euskal dantzen klaseez gain, dantza garaikideko klaseak ere izaten dituzte, etorkizunera begira talde nagusira egin beharreko pausoa errazagoa izan dadin. Zentzu honetan, emanaldiak ere osatu izan dituzte, hala nola “Ametsetan” edo “Eskolatik plazara”.

Talde gehienek inguruko herriko dantzari txiki egunetan eta herriko hainbat ekitalditan parte hartzen duten arren (Olentzeroren jeitsiera, San Juan sua…), urteko emanaldirik garrantzitsuena Villabonako jaietan Oinkari dantza taldeak eskeintzen duen emanaldia izan ohi da. Emanaldi honetan, txikienetik hasiz, talde helduraino, OINKARI dantza taldeko guztiek urte osoko ahalegin eta ilusioa taularatzen dute.

Emanaldi hauez gain, azken urteetan antolatzen den Dantzari Eguna ere azpimarratuko genuke. Udaberri hasieran antolatzen da eta Oinkariko dantzari eta gurasoekin batera, herriko edozeinek parte hartzen duen ekitaldia da. Bere helburu nagusia dantzariek plazako dantza giroa ezagutzea da.

Oinkari dantza taldea 1975.urtetik talde sendoa izan dela argi dagoen bezala, gaztetxo hauen kalitate eta ilusioarekin inondik inora ezin dugu zalantzan jarri taldearen etorkizuna.