Inprimatu
PDF fitxategia

Oinkari Dantza Eskola

Ingurutxoa1997ko irailean Oinkari dantza taldeak haurren dantza ikastaroak jarri zituen martxan eta ordu ezkero etenik gabe urtero antolatu dira dantza ikastaroak Jesusen Bihotza Ikastolako Ganbaran. Ikastaro hauek 3 eta 15 urte bitarteko haurrei zuzendurik egon ohi dira eta euskal dantza tradizionalak haurren dantza heziketaren oinarria izatea dute helburu. Fandangoa, Arin Arina, Agurra, San Juan dantza, Saltokakoa, Alpargata, Soinu Zaharrak, Sorgin dantza... bezalako dantzak lantzen dira.

Ikastaro hauetan OINKARI dantza taldeko 13 partaide dabiltza irakasle lanetan, honela, beraiek jasotzen dutena haurrei irakatsiz lotura estua sortzen da talde guztien artean, jarraitu beharreko bidea bakarra baita. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu puntu hau, izan ere gaur egun Oinkari dantza taldea osatzen duten dantzarien %95a ikastaro hauen emaitza baitugu. Aurtengo ikasturteari begira jarriz gero, azken urteetako joerari eutsiz, haurren matrikulak gora egin du, 220 haur izatera iritsi arte.

Dantza Eskola - Mutilak

Talde gehienek inguruko herriko dantzari txiki egunetan parte hartzen duten arren, urteko emanaldirik garrantzitsuena Villabonako jaietan Oinkari dantza taldeak eskeintzen duen emanaldia izan ohi da. Emanaldi honetan txikienetik hasiz, talde helduraino, OINKARI dantza taldeko guztiek urte osoko ahalegin eta ilusioa taularatzen dute.

Dantza Eskolaren antolaketaren azken eskilara-mailan gaztetxoen taldea genuke. OINKARI dantza taldera iritsi aurreko azken pausua litzateke. 13-15 bitarteko 70 gaztetxok osatzen duten talde honek, talde helduaren entsegu-dinamika bera jarraitzen du, denborarekin beren emanaldia garatzera iritsi direlarik, "Ametsetan". Hau dela eta, beren hezkuntzan euskal dantzen klaseez gain, dantza garaikideko klaseak ere izaten dituzte, etorkizunera begira talde nagusira egin beharreko pausoa errazagoa izan dadin.

Oinkari dantza taldea 1975.urtetik talde sendoa izan dela argi dagoen bezala, gaztetxo hauen kalitate eta ilusioarekin inondik inora ezin dugu zalantzan jarri taldearen etorkizuna.

Dantza Eskola - Neskak