Inprimatu
PDF fitxategia

Oinkari Dantza Taldea

ataungo lagunei

Azken hamarkadan aldaketa handiak jasan ditu Oinkarik bere baitan. Dantza tradizionalekiko lotura galdu gabe, koreografia berrien munduan eman ditu hainbat pauso taldeak. Euskal dantzen pausoak oinarri hartuta, gaur egungo abesti berrietara dantzak koreografiatu ditu. Aldaketa honetan bidelagun izan du Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoa.

Ildo honetatik proiektu berrietan parte hartu du Oinkarik. Honela, batetik Mungiako Korrontzi folk taldearekin elkarlanean bi proiektu eraman ditu aurrera. Lehenik “Infernuko Hauspoa” etorri zen (Baga-Bigaren zigilupean argitaratu zuten DVDa) eta bertan Korrontziren Getxo laneko hainbat abesti dantzatzen zituen Oinkarik. Proiektu honetatik abiatuta etorri zen bigarren lana “Urratsa”. Ikuskizun honetan Igor Yebra nazioarteko dantzari ezagunarekin elkarlanean aritu ziren. Gaur egun berriz "Tradition 2.1" eta "Korrontzi Dantzan" ikuskizunekin gabiltz munduan zehar.

Bestetik berriz, Oinkarik talde bezela ere hainbat lan interesgarritan parte hartzeko aukera izan du. Lehena “Aspaldikotik” izan zen eta bertan Juan Kruz Igerabide eta Iñaki Beraetxeren partehartzea izan zuten.

Oinkariren etorkizuna, modu batean, markatuko zuen emanaldia 2011ko urrian etorri zen: “Amantalen Ahotsa”. Gerra zibilean emakumeak izan zuen papera kontatzen duen lana. Ahotsak taldearen eskutik, Maialen Lujanbio, Amaia Zubiria, Sorkunde Idigoras… bezalako emakume artistekin lanean aritzeko aukera izan zuen. Eta guztien buru Agurtzane Intxaurraga zuzendaria. Guztien arteko elkarlana oso erraza izan zen, eta hemendik etorri zen proiektuaren erabateko arrakasta.

Ondoren etorri zen “Ari du”. Juan Kruz Igerabidek zuzenean errezitatutako poemekin dantzatzen zuen Oinkarik, beti ere, euriak berak markatutako erritmoan. Dantza taldearen maila altua zela eta emanaldi hau zuzenean grabatu eta Baga-Biga zigilupean DVDratua izan zen 2011n.

Aurrera begira beste salto bat emateko beharra nabaritu genuen. Buruan geneukan ideia, bai dantza munduan eta baita haratago ere, beste arlo batzuetan sartzea zen. Honela, Agurtzane Intxaurragarekin geneukan harreman onaren haritik, dantza eta antzerkia uztartuko zituen proiektu berri bat proposatu genion eta honek gusto handiz eman zigun baiezkoa. Dantza arloan ere, dantza tradizionalak eta koreografiak mantenduz, arlo garaikidean formakuntza bat izan nahi genuen eta horretarako Kukai Dantza Konpainiako irakasleekin hasi ginen elkarlanean: Ion Maia, Maider Oiartzabal, Ibon Huarte… Proiektua biribildu nahian, bertarako sortutako musika beharrezkoa zela ikusi genuenez, Pello Ramirezengana jo genuen eta honek ere bere partehartzea baieztatu zigun.Goi mailako talde honen lanaren emaitza duzue "Itsasoaren Emazteak" ikuskizuna.

Gaur egun Hika Teatroarekin elkarlanean bigarren proiektu bat aurkeztu dugu eta herriz herri gabiltz SAGARTU ikuskizun berria eskainiaz.

22 Itsasoaren emazteak